2010/11/12

PIZTIAK BIZI DIREN LEKUAN


IDAZLEA: Maurice Sendak
IZENBURUA: Piztiak bizi diren lekuan
ILUSTRATZAILEA: Maurice Sendak
ITZULTZAILEA: Koldo Izagirre
ARGITALETXEA, URTEA: Kalandraka, Pontevedra, 2009, 2000 (1963)
ORRIALDE KOPURUA: 40 or.

ADIN TARTEA (HELDU BATEKIN) 3urtetik aurrera

MODU AUTONOMOAN 6urtetik aurrera

IRUZKINA

Fantasiazko narrazioa den aldetik, errealitatearen logikarekin bat egiten ez duten gertaerak suertatzen dira album ilustratu honetan. Errealitatea, fantasia, desira, nahiak eta irrikak bidelagun ditugun honetan, Max mutiko bihurriarenganako enpatia eta identifikazioa sortzen da liburua ireki bezain pronto.

Max asperturik ageri baita, eta abentura bati ekinen dio. Piztiak bizi diren lekurantz abiatuko da, hauei dien beldurra uxatuko du, hauen errege bihurtuko da, “baina aspertu egin zen bakardadean; maitatuko zuten lekuren batean egon nahi zuen”… eta…

Ilustrazioak testua bezain garrantzitsuak dira. Ilustrazioekin egileak istorioari erritmo berezia emango dio; oso dago zaindua ilustrazio bakoitzaren espazioa orrian. Horrela, istorioaren erdigunean orrialde guzia irudiak hartzen du, letraren beharrik gabe. Irakurketa paraleloa eskaintzen digute irudiek eta letrek. Testuak ematen ez duen informazioa irudien bitartez jasoko dugu; Maxen aurpegi bihurria, munstruoek hortzekin adierazten duten ontasuna…

Haurrei zein helduei gomendaturiko irakurketa da, batak zein besteak irakurketa ezberdinak egiteko aukera ematen duen liburua baita. Beldurra, ezintasuna, amorrua, bakardadea, familia… ezinhobe eta umore pittin batekin aurkezten digun liburu paregabea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina