2010/06/16

AKTA 2010-06-14

Akta: Ekainaren 14ko Gurasoen Elkarteko Batzar Orokorra

Honoko gurasook bildu ginen: Mikaela (Aizarotz), Begoña (Ihaben), Lourdes (Gartzaron), Alberta (Arrarats), Lander eta Ana (Udabe), Laia (Aizarotz), Maite (Beruete), Maria (Aizarotz), Arantza (Aizarotz); Irantzu (Aizarotz), Nati (Itsaso), Maider (Itsaso), Esther (Beruete), Xabi (Beruete) eta Arantxa (Ihaben).

Gai ordena:

Diru kontuak
Presidentea eta idazkariak zenbat diru dugu, zenbat gastatu dugun, kuotak noiz kobratuko diren eta zertan gastatu dugun diru gehien esan zuten. 300 euro inguruko superabita izan dugu. Gastu handiena Santa Agedako autobusean eta Zirku Egunean erabili zen. Kuotak kobratzea aurrezki kutxaren bitartez ez da erraza. Zailtasunak daude. Erreziboak bueltatzen dira eta tramitazioa ez da erraza. Hala ere, bide horretatik jarraitzea erabaki da, bere egunean hori martxan jartzeak lan dezentekoa eman zuelako. Aurtengo kuota datozen asteetan pasako da. Aita preso duen Berueteko familia bati kuota ez ordaintzea erabaki du batzarrak, familia horren aita preso politikoa delako eta etxetik ehunka kilometrora egoteak esfortzu ekonomiko handia ekartzen dielako.

Jangela
Guraso batzuek zerbitzuarekin eta janariarekin ez zeudela hain kontentu eta duela pare bat hilabete bilera egin zen jangelako arduradunarekin eta langileekin. Jangelako arduradunek proposamen zehatz batzuk landu dituzte enpresari helarazteko. Aurki egingo da enpresarekin bilera hori eta espero dezagun neurri horiekin gauzak hobetzea.

Bestalde, jangelako langileen ordezkariek esan dute arazoak dituztela catering enpresarekin, lan egiten duten eguneko soilik ordaindu nahi diete, eta hala haurrak ibilaldiren bat joaten direnean ez dietela egun hori lan eguna bezala ordaindu nahi. Lan saria oso-oso eskasa da. Bajak daudenean ez dira ordezkoak jartzen, besteak beste oso lan baldintza kaskarrak eskaintzen dituztelako. Langileak hasi dira sindikatuekin harremanetan. Horrez gainera, Gurasoen Elkarteak idatzi bat prestatuko du enpresarekin hitz egindako baldintzak ez direla betetzen salatzeko eta bete daitezen exijitzeko.

Obrak

Eskola zabaltzeko proiektua egina dago, baina ez dago Nafarroako Gobernuaren lehentasunen artean. 0-3 urte arteko eskola proiektua berdin. Zabaltzea, ordea, guztiz beharrezkoa da. Udalak Hezkuntza departamentuko Obrak sailekoekin harremanetan egon da, eta Udalak orain behar diren bi gela berri egiteko dirua aurreratzearen aukera aztertu dute. Udalak hala egingo luke, baldin eta Gobernuak diru hori itzultzeko konpromisoa hartuko balu. Badirudi baietz, hori egiteko prest dagoela. Udalaren ikuspegitik, interesgarria da aukera hori, zabaltze obrak orain hasiz gero, bestea (0-3 urtekoa) ‘hasita’ dagoela onartuko litzatekeelako eta, ondorioz, lehentasun gehiago edukiko lukeelako beste proiektuen ondoan. Beraz, bide horretatik joko dute: Udalak bere gain hartuko du zabaltze obra. Eta litekeena da abendurako egina egotea.

Eskolan martxan jarri nahi duten proiektu pedagogiko berriaren oinarrietako bat espazioa bera denez (Martinet proiektuaren ardatzetako bat da), obrak egitekoan klaustroarekin harremanetan egoteko eskatuko zaio Udalari.

Patioa
Iaz, irakasleen eta ikasleen eskaera eta proposamen bati jarraiki auzolanean zenbait gauza egin ziren patioan. Helburua: haur txiki eta handiak elkarrekin aritzea, neskak eta mutilak tokiak konpartitzea. Gurasoek egindako zenbait gauza ez zirela egokiak eta seguruak ikusi zuen udalak, eta ardura zibila udalarena denez, kendu egin ziren. Gaiarekin aurrera ez jarraitu, eta udalak teknikoei (arkitektoei) eskatu zien egoera aztertzeko. Horrez gainera, urtean 1.000 euroko aurrekontua onartu zuen patiorako. Hala ere, urte osoan ekimena izoztuta egon da.

Lurkoi izeneko enpresa batekin egotekoak dira Udaleko ordezkariak, eta patioa nola egokitu aztertuko da. Aukera ezberdinak aztertzen ari dira: gurasoak auzolanean patio egokitu, enpresaren aholkularitzarekin; enpresari lan hori egiteko eskaera eman....

Guraso batek aipatu du enpresa bati patioa hornitzeko enkargua emateak ez duela bat egiten proiektuaren hasierako filosofiarekin. Pena dela haurren nahiak aintzat ez hartu izana. Beste batek aipatu du agian haurrekin hasitako lana bukatutzat emateko, azaldu beharko geniekeela kontua nola joan den, zein oztopo izan diren eta azkenik zer egingo den.

Blog-a.
Irakasleek bloga jarri dute martxan. Gurasoen elkarteak badu sarrera bat, eta saiatuko gara aurrerantzean deialdiak han zintzilikatzen. Horrez gainera, ohar bat bidali genien familiei guztien emailak eskatuz, baina apenas jaso genituen pare bat. Batzar orokorrean bertan dauden gurasoen helbideak bildu dira.

Kamisetak
Irakasleek esan ziguten dirua behar zutela material bereziak erosteko… Hainbat ekimen bururatu zitzaizkigun. Baina ez genuen aurrera egin. Azkenean, ama batek kamisetak egiteko aurrekontua ekarri zuen, aita batek marrazki bat egin zuen eta 250 kamiseta atera ditugu. 1.250 euroko gastua izango dugu. Saldu dira gastuak ordaintzeko adina. Beraz, aurrerantzean saltzen direnetatik ateratako dirua eskolari emango zaio. Boluntario izango da gurasoak kamisetak hartu eta saltzea.

Lana eta familia bateratzeko hitzarmena
Gai honek soka luzea du. Hitzarmena sinatu baino lehen egin ziren bileretan parte hartu genuen, eta hitzarmena sinatzeko ordua iritsi zenean, juntak eta batzar orokorrak ez izenpetzea erabaki zuen, nahiz eta gure artean erabateko adostasunik ez egon. Zergatik?
Paktua izenpetuz gero, bilera dinamika batean sartzen dira sinatzaileak. Bilerak goizez izan ohi dira. Gutako inork ez zuen interesik eta modurik joateko eta aktiboki parte hartzeko.
Horrez gainera, fondoan ikusten genuen filosofia ez genuen gustuko: lana eta familia bateratzeko lanerako joateko erraztasunak sortzeko ekimenak bultzatzen dira gehien bat hitzarmen horien ondorioz. Eta guk uste dugu lan, lantokiak, lanpostuak egokitu behar direla gurasook umeek denbora gehiago egon ahal izateko. Eta ez direla soilik lan orduetan umeen zaintza bere gain hartuko duten zerbitzuak antolatu behar.
Horrez gainera, guk ez sinatzearekin ez dugu uste inolako ekimeni trabak jartzen dizkiogunik. Elkarte, erakunde eta ordezkari guztiak bat eginda agertzeak balioa badu, baina gure ustez ez da helburu bat berez.

Hala ere, gaia ez zen guztiz itxi. Gaiari berriz helduko geniola hitz eman zen. Eta toki batetik eta bestetik, kezkak eta gure erabakia berriz aztertzeko eskaerak etorri zaizkigu.

Guraso batzuek oso argi hitz egin dute izenpetzearen aurka, aipatutako arrazoiengatik. Beste batzuek, aldi, begi onez ikusten dute izenpetzea eta parte hartzea. Ama batek bere burua eskaini du aktiboki parte hartu eta gero Gurasoen Elkartera lan horren emaitza helarazteko. Beste guraso batzuek aipatu dute gosariak eta asteazkenetako eta ekaineko eta iraileko jangela zerbitzua eskaini ahal dela, hitzarmenaren bidez lortutako finanziazioarekin. Beste batek aipatu du gai horretan dagoen behar zehatz aztertu eta guk geuk ditugun baliabideekin moldatzeko aukera aztertu beharko litzatekeela.

Azkenean, gairekin lotutako jendearekin harremanetan jarri eta gaiaren inguruan informazio zehatz gehiago biltzeko konpromisoa hartu dute guraso batzuek.

Horrez gainera, Amipak ohar bat prestatuko du ikusteko ia zenbat familiak nahiko zuten asteazkenetan eta ekaina eta irailean beren seme-alabak eskolan bazkaltzen gelditu.


Urteko ekimenak eta Zirkuaren eguna.
Ikasturte honetan egin dugu: Gabonetako hamarretakoa, Santa Ageda, Ihauteriak, Otsolako hamarretakoa ere eramango dugu. Eta ekimen berezia: Zirku eguna. Balorazio ikaragarri positiboa. Gure indarra horretan zentratuta egon da. Nahi dugulako ekimen parte hartzaile eta sortzaileak bultzatu eskola barruan eta eskola orduetan. Guretzat aukera oso polita izan da, uste dugu haurrak gogoan izango dutela eta ez zaiela erraz ahaztuko. Irakasleekin ere konplizitate handia sentitu dugula aipatu du ama batek. Beste batek aipatu du datorren urtean ere bide horretatik jarraituko dugula.

Irakasleak lantzen ari diren proiektu berria. Irailean emango digute horren berri zehatza. Baina lau zutabeetan oinarritzen da: haurren adimen emozionala, belaunaldien arteko transmisioa, ingurugiroa eta genero berdintasuna eta hezikidetza. Handik eta hemendik jasotako ideiak eskola errealitatera egokitutako egitasmoa da. Gutxieneko helburu batzuk finkatu dituzte, eta gogotsu ari dira datorren urtera begira hori lantzen. Pena orain dauden irakasle batzuk ezin jarraitzea, batik bat gai horretan prestakuntza jaso dutelako eta konpromiso pertsonala ere izan dutelako.

Proposamenak:
Irakasleei esango zaie ea bideragarria, egokia… den eskola orduren bat gurasooi ematea urte osoan zehar egiteko ekimenen bat prestatzeko (adibidez, dantzak…). Ikusiko da gurasoren bat ere prest dagoen dinamika horretan sartzeko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina