2011/11/16

Egin zaitez eskola-kide !!


Basaburutar hori:

     Alberta Clara González (Guraso Elkarteko presidenta) eta Ruben Ruiz (Oihanzabal Eskolako zuzendaria) gara. Dakizun bezala joan den udaberrian aurkeztu genuen Herri bat eskolarentzat, eskola bat herriarentzat egitasmoa. Ekainaren 4ean, Basaburuko Egunean, gure ametsetako eskola zein izango litzatekeen zehaztu eta islatu genuen. Orain, denon artean amestutako hori aurrera eramaten parte hartzeko aukera duzu. Nola?
Bada, lan-batzordeetan edo talde-interaktiboetan parte hartuz.

     Lan-batzordeek lan egingo dute amets horiek egi bihurtzen. Hainbat alorretan arituko dira, hasi azpiegituretatik eta eskola esparruan sentimenduak nola landu eztaibaidatzeraino.

     Bestalde, talde-interaktiboak deitzen den egitasmoa praktikan jartzeko zuen laguntza behar dugu.

Baina zer da talde-interaktibo bat?

     Talde-interaktiboa eskolako jarduera (klaseak) aberasteko bide bat da, eskolak antolatzeko beste modu bat da. Hamabostean behin bilduko lirateke talde horiek. 6 urtetik gorako haurren taldeak talde txikiagoetan zatitu, eta tutoreak eta eskola-kideek (zu izan zaitezke horietako bat) taldeak dinamizatuko lituzkete. Tutoreak gutxiengo koordinazio bat izango luke eskola-kideekin, zer egin behar duten jakin dezaten. Bakoitzak ahal duen neurrian hartuko luke parte. Eskola-kideak ez dira ezertan jakintsuak izan behar ezta haurrekin egoteko ohitura eduki behar ere, edonor izan daiteke eskola-kide. Adin, herri, lanbide eta zaletasun guztietako jendea izaten ahal da eskola-kide. Bada, hauxe da zugandik jaso nahiko genukeena: zu ere eskola-kidea izatea nahiko genuke.

     Eskola-kide izan nahi baduzu edo edozein zalantza argitu nahi baduzu, azaroaren 25a baino lehen dei dezakezu honako telefonora 948-50-31-56, edo oihanzabaleskola@gmail.com helbide elektronikora idatzi.
Egin zaitez!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina