2012/05/07

Auritzen, herrietako eskolak hizpide


Arantxa eta Lander "Landa eremuko gurasoen elkarte bateko esperientzia eta esperimentua" tailerrean.


Auritzen ospatu dira pasa den maiatzaren 5ean "Nafarroako Landa Eremuko Eskolen 2. Topaketak". Pirineoko herrixka hartara joan ginen Gurasoen Elkarteko  bost kide: Ruben (eskolako zuzendaria), Ana, Mikel, Lander eta Arantxa. Gure haur txikiak, Amina eta Manu, ere gurekin heldu ziren, eta primeran pasa zuren han bientzat propio zegoen zaintzailearekin jolasean goiz osoan zehar. Hango eskolarekin maitemindu egin ziren, eta ederki pasa zuten suteak itzaltzeko ura herrira eramateko ubidean jolasean.

Lekarotzen izan ziren iazko topaketak, eta haiek bukatuta Guraso Elkarteari gonbidapena egin ziguten aurtengoetan parte hartzeko. Izan ere, aurten irakasle eta hezkuntza alorreko beste eragileez gain, gurasook ere tokia izan dugu topaketa horietan. Landerrek eta Arantxak goizeko tailer bat aurkeztu genuen, eta gure bizipenen berri eman genien han bildutako hogeita bosten bat lagunei.

Gu beste tailer batzuetan egoteko aukera ere izan genuen. Talde interaktiboei buruzkoan, esaterako, Mendigorriako irakasleek praktikan azaldu ziguten nola egiten dituzten dinamika horiek eskolan. Oso interesgarria izan zen haien ikuspuntua. ‘Baratza: lur zoru emankorretik azaren tximeletara’ tailerra aberasgarria izan zen. Hartan Uxueko irakasle batek argi azaldu zuen baratzaren inguruan sor daitekeen ikasteko aukera zabala. Estatuko hainbat eta hainbat tokitan eta Nafarroako herri batzuetan indarrean dagoen lanaldi jarraiaren esperientzia ere kontatu ziguten Urrozko eskolako irakasleek eta gurasoek, eta dituen onurengatik oso kontuan hartzeko aukera badela argi utzi zuten.

Gurasoen Elkartearen baitan azken urteetan egiten ari garen gogoeten eta aurrera eramaten ari diren proiektuen inguruan hitz egin genuen guk. Gurea azalpen pertsonala eta subjektiboa izan zen. Guretzat oso baliotsua izan da, azken urteotan egindakoaren inguruan hausnarketa pixka bat egiteko eta atzera begira jartzeko. Litekeena da laster han azaldutakoa hemen bertan aurkeztea zuei guztiei, Gurasoen Elkartearen eta oro har hezkuntzaren inguruan interesa duzuen guztiei. Eztabaidara eta hausnarketarako abiapuntu interesgarria izan daitekeelakoan gaude. 



1 iruzkin:

  1. Anonimoa18:22

    benetan oso interesgarria izan zen, ea urrengo urterako antolatzen dugun ongi taller desberdinetan parte hartzeko.
    Mila esker Arantxa eta Lander.

    Ana.

    ErantzunEzabatu