2011/06/29

7.Mendi irtera...



   Maiatzaren 22an Leitzalarreara joateko hitzordua genuen eskola atarian. Eguraldia nahiko kaskarra zenez  eta gainera partaide gutxitxo geundenez  Gartzaron inguruan “bueltaxka” bat ematea erabaki genuen. 
  Ur eta Garazi Xabirekin etorri ziren, Amina eta Mikel Anarekin, Ilargi Arantzak ekarri zuen eta Eneko Pellok. Gartzarondik abiatu ginen, lakien pistatik Iurdaneko gaztañetara. Hemen dantza pixka bat egin eta gero Hirumuga aldera doan bidetik jarraitu genuen. Aldapa gogor eta luzea izaki aurretik eta patxadaz igotzea erabaki genuen ikusi makusira jolastuz. Aldapa erdian txondor plaza batean beste dantzalditxo bat egiteko geldialdia, eta segi aurrera. Azkenean ailegatu zen aldapa luzearen bukaera. Aurreraxeago Gartzaron, Ihaben eta Etxalekuren arteko muga markatzen duen mugarria dago eta haruntz abiatu ginen, baina ailegatu baino lehen pixka bat gosaldu genuen indarrak berreskuratzeko. Mugarrian berriro dantzan hasi ginen denak konturatu gabe (zerbait arraroa gertatzen zitzaigun agian sorginkeriren bat) eta dantzalditxoaren ondoren Etxalekura doan bidetik jo genuen. Momentu batean bidea utzi eta basoa zeharkatu behar zen Otazaingo errekatik berriro ere Albirengo lakiaraino ailegatzeko eta hemendik bidez bide gure helmugara ailegatzeko, Gartzarorena berriro. Hemengo frontoian bazkaldu ondoren bakoitzak bere etxeko bidea hartu zuen.
Pello

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina