2011/11/02

Eskerrik asko.



Nafarroako Gobernua egiten ari den murrizketen aurka protesta egiteko aurreko asteetan izandako ekimenetan parte hartu duzuten guztiei eskerrak eman nahi dizkizue Gurasoen Elkarteak. Urriaren 22an Iruñean izan zen manifestazioa oso jendetsua izan zen, eta eskola txikien ordezkaritza ere han egon zen. Greba eguna oso arrakastatsua izan zen gurean, apenas umerik ez baitzen joan eskolara, 3 bakarrik, eta gisa horretan irakasleek eta gainontzeko langileek lanuztea egin ahal izan zuten.
Iruditzen zaigu familiak ohartu direla murrizketen ondorioak ez direla soilik eskolako langileen lan egoeran antzemango, eta gure haurren hezkuntzaren kalitatea dagoela hemen jokoan. Beraz, esandakoa, esker mila zuen guztien parte hartzeagatik.

2011ko azaroaren 2an

2011/10/25

ERAIKUNTZA HANDIAK



Aurten 2. mailakoak egin dugun lehenengo proiektua ERAIKUNTZA HANDIAK izan da. Hemen bikoteka egin dugun lan bat aurkezten dizuegu.
Irakurri ondoren zein eraikuntzaz ari garen asmatu behar duzue.
Ea ba, asmatzen dituzuen!

2011/10/23

Urriaren 27an, 0 ume eskolara. Eskola Publikoaren alde


Jakinen duzuenez, urriaren 27an, ostegunarekin, greba egingo dute eskolako langileek alor publikoan egiten ari diren murrizketen aurka protesta egiteko. Murrizketa horiek gure haurrek eskolan jasotzen duten hezkuntza kalitatean eragin zuzena duela uste dugu. Izan ere, diru murrizketen ondorioz, irakasleak gaixo baldin badaude ez dituzte berehala ordezkatzen, zerbitzu espezializatu (logopedia eta pedagogia terapeutiko zerbitzuak) gutxiago jasoko dituzte haurrek, eta irakasleek ordu lektibo gehiago edukiko dituztenez gure seme-alabekin ematen dituzten orduen kalitatea eskasagoa izango da. Adibide batzuk besterik ez dira. Murrizketa horiek langileek sumatuko dituzte, bai, baina dudarik gabe baita gure haurrek ere. Gauzak horrela, Oihanzabalgo Gurasoen Elkarteak greba egun horretan JARRERA AKTIBOA eduki nahi du. Elkarte eta talde gisa gai honen inguruan hausnarketa egin dugu, eta zenbait ekimen aurrera eraman nahi ditugu.

Lehenbizikoa da grebarekin bat egiteko deia luzatzea guraso guztiei. Gure ustez, haurrak eskolara ez bidaltzea esan nahi du horrek. Eskolako langile guztiek -autobus gidariek, irakasleek, jangelako zaintzaileek eta garbitzaileek- greba lasai egin ahal izateko eskubide osoa dute eta langile diren aldetik haien jarrera argi azaldu dezaten, gure ekarpenik handiena haurrak eskolara ez bidaltzea da. Bai, legeak agintzen dituen gutxieneko zerbitzuak egongo dira, baina guk ESKOLA HUTSIK EGOTEA nahiko genuke, gisa horretan denok murrizketen aurka gaudela azaltzeko. Horregatik diogu: “Urriaren 27an, 0 haur eskolara. Eskola publikoaren alde”.

Jakin badakigu jarrera horrek etxe batzuetan arazoak sor ditzazkela, familia batzuk haurrak norekin utzi ez dutelako. Horregatik, egun horretan Aizarotzen guraso talde bat egongo da grebarekin bat egin nahi duten eta haurrak norekin utzi ez duten familietako umeekin grebaren inguruko jarduerak eta ekimenak egiten. Ez da eskolaren ordezko zerbitzu bat, ez da haurtzandegi zerbitzua, baizik eta grebarekin bat egin eta familia eta lan arazoengatik haurrak norekin utzi ez duenari laguntzeko modu bat. 



2011/10/21

ESKOLAKO LOGO BERRIA

Honatx Arantxa Iribarrenek aurkeztu zuen logoa. Bai ederra e!!

Eskerrik asko Arantxari eta parte hartu zenuten guztioi.