LIBURU ERRESEINAK etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
LIBURU ERRESEINAK etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2010/11/30

ZIGOMAR-EN AFRIKA



AUTOREA: Philippe Corentin
IZENBURUA: Zigomar-en Afrika
ILUSTRATZAILEA: Philippe Corentin
ITZULTZAILEA : Maialen Videgain Jean-Louis Davant
ARGITALTOKIA, ARGITALETXEA, URTEA: Ustaritze, Ikas, 2008
ORRIALDE KOPURUA: 35or.
BILDUMA:
ISBN: 978-2-84963-043-3

ADIN TARTEA
HELDU BATEKIN
4 urtetik aurrera

MODU AUTONOMOAN
8 urtetik aurrera



Philippe Corentin ilustratzaile-idazle Paristarrak hiru lagunen bidaia kontatzen digu bi hizkuntza (hitza-irudia) ongi uztarturik.

Azalean ikus dezakegu zozo bat (Zigomar), xagu bat (Pipixarin) eta igel bat (igela), zeruetan hegan. Irakurleak suposatzen du Afrikarako bidean, izenburuak dioena lagunduta. Kontrazalean berriz, hiru lagunak safarietako kapeluekin soinean, Afrikatik bueltan.

Abenturazko narrazioaren bidez kontatzen da sagua, igela eta zozoaren bidaia. Argi dauka saguak bere helburua, eta hura lortu arte ez du etsitzen.
Pipixarin sagukumeak ez du ulertzen inguruko lagunak zergatik joan daitezke Afrikara eta bera ez. Pipixarinek Afrikara joan nahi du ainarak bezala, saiatuko da berarekin joaten baina pisu handiegia izango du horrelako txori txiki batentzat. Zikoinei galdetu die, baina tximistotsean aterako da handik, ikusita zer jaten duten hegazti horiek. Azkenerako xaguak bere aspaldiko laguna den Zigomar aurkituko du, hari proposamena egin eta bi aldiz pentsatu gabe onartu zuen zozoak. Inguruan zegoen igel bat bidelagun izanen dute ere zozo eta xaguarekin batera. Pipixarinek hasieratik zalantzan jarriko du Zigomarrek ote dakien benetan Afrikarako bidea zein den.
Zozoak elefante, kokodrilo eta lehoiak besterik ez ditu ikusten. Igelak eta saguak, ordea, ez zituzten honela imaginatzen animalia hauek. “Ipar poloan egon garela ematen zuen, hotz itzela egiten baitzuen Afrikan!!!” esaten diote amari bueltan.
Pipixarinen gurasoei bidaia zoragarria izan dela esango diete, baina hotz handia pasatu zutela. Jakin nahi al duzue zergatik?

Liburua 1990. urtekoa da, eta ilustrazio aldetik ez du zerikusirik orain albumetan erabiltzen diren teknika eta estiloarekin. Hemengoak askoz garbiagoak dira, badu orriz orri pertsonaien ilustrazioa baina hondoa kolore pastelez eginda dago, eta osoki laua da, erreliebe gabekoa. Argi dago album ilustratua izaki, ezinezkoa litzatekeela testuaren narrazioa irudiaren narraziorik gabe jarraitu. Berebiziko garrantzia du, hortaz, irudiak, tamaina eta espazio aldetik leku handia eskeintzen baitzaie eta bestetik, pertsonaien izakera definitzen dutelako (zikoinen begirada mehatxagarria, kukuaren begirada gogorra, saguaren mugimendu eta begiradak…).
Perspektibak lagundu egiten du protagonistatik hurbilago kokatzen eta sentitzen, zuhaitzaren barruan (iluntasuna), igelaren ondoan (belar artean…).
Testua ez dago, halere, erabat txertatua irudian eta orrialde batzuetan ez da oso modu estetikoan eskaintzen.

Bestalde, esan beharra dago erabilitako hiztegia, zenbaitetan (loriaturik, igukikatzen, hatsanturik, ozar…) zail samarra dela, gauza bera esan daiteke erabilitako zenbait aditzen inguruan: dukete, dakete, bezenekike.

Egia izanda Euskaltzaindiak hizkuntza gain begiratzailearen lana bete duela, eta testua oso zuzena baldin bada ere, zalantzatzekoa da oso egokia ote den kontutan hartuta zein adin tarteko umeek irakurriko duten istorioa.

Halere, liburua gomendagarria da, umore zertzeladaz betea bai ilustrazioan bai testuan.

PANTALEON BADOA



PANTALEON BADOA
IDAZLEA: Patxi Zubizarreta
ILUSTRATZAILEA: Jokin Mitxelena
ARGITALETXEA, URTEA: Pamiela, Iruña, 2005
ORRIALDE KOPURUA: 85 or.
ADINA TARTEA (HELDU BATEKIN): 5 urtetik aurrera
MODU AUTONOMOAN: 8 urtetik aurrera

Patxi Zubizarretak 2005ean Euskadi Saria irabazi zuen Pantaleon badoa liburuarekin. Istorioa zazpi kapituluetan banatua egongo da, bukaera irekia du (eta segida bat izan zuen: Pantaleon Amazonian...).

Liburuan suma daiteke idazleak esfortzu bat egin zuela pertsonaia bakoitzari pertsonalitate eta ahotsa bereizgarri bat emateko. Horrela, Pantaleonek Eta kitulis (gehienbat hasieran, ez dagoela eztabaidatzerik esateko), borraska (gauza txarretako), antizikloia (gauza onetarako), iufa (poza adierazteko) erabiliko du. Natasha hartzak: Ai, oi, ei!, Zer mila sorgin!, eztia... erabiliko du. Antzeko estrategiak erabiliko ditu beste pertsonaia guztiak definitzeko.

Baina sakon dezagun pixkat gehiago, Pantaleonen egoera animikoa adierazteko pertsonaiaren ezaugarri fisikoekin jolastuko da sortzailea, horrela, botoiak (begiak) eta azenarioa (sudurra) erabiliko ditu nagusiki: azenarioa makur, sudurra dilindan, sudurra zut-zuta, sudurra gero eta beherago, azenarioa jaitsi, azenarioa jaso, itxirik azenario sudurra… kasu.

Azken finean, beste istorio askotan bezala bidaia iniziatiko baten aurrean gaude. Pantaleonek bidaia bati ekingo dio eta hasierako eta bukaerako Pantaleon ez da bera izango; helduagoa, ikasiagoa izango baita.

Liburu honetatik atera daitekeen ikasi bat izan daiteke gure ametsak betetzeko gogoa handia bada, arriskatu beharra dagoela biziko bagara. Horrela egin zuen Pantaleonek eta bere abentura irakurtzen bukatzean berak bezala guk gure ametsak gauzatu ditzazkegula pentsa genezake indarra jarriko bagenu lortze aldera.

Testoak zenbait balore lantzen ditu: elkartasuna, inmigranteak eta ororen gainetik laguntasuna.

Liburu honek Patxik egindako beste batzuek bezala erritmo arina eta bizia du. Prosa landua, aberatsa, poetikoa (errepikapenak, onomatopeiak, hitz-elkartuak).

Liburuaren planteamendua ez da album ilustratua baina ilustrazioak badu paper garrantzitsua, istorioa ia-ia uler daiteke marrazkiei begira soilik. Ilustratzailea eta idazlearen arteko elkarlana oso nabarmena da. Nagusitzen diren koloreak biziak, primarioak dira: magenta, horia, gorria, morea..., beltza eta zuria.

2010/11/12

HURBIL


AUTOREA: Natalia Colombo
IZENBURUA: Hurbil
ILUSTRATZAILEA: Natalia Colombo
ITZULTZAILEA: Fernando Rey Escalera
ARGITALTOKIA, ARGITALETXEA, URTEA: Pontevedra, Pamiela-Kalandraka, 2008
ORRIALDE KOPURUA: 28 or.
HELDU BATEKIN
4urtetik aurrera
MODU AUTONOMOAN
6urtetik aurrera

Jeneroari dagokionez, errealismoan koka genezake album ilustratu hau, pertsonaien gertaerak errealitatezko gertaerak diren heinean, baina pertsonaiak animaliak direla kontuan izanik, alegia moduko bat dela ere esan genezake.
Egungo bizimodu “presakakoak” pertsonen arteko harremanetan duen eragin negatiboa hartzen du gaitzat, tonua nostalgiko xamarra dela esan genezake, izan zitekeena eta ez dena agertzen baita liburuan aitzina egin ahala. Esaldiak ere motzak dira, argiak bezain zuzenak.

Ahate eta untxi baten arteko harreman mota agertzen da euren ohiko bizipenetan, lanekoan, jostatzekoan, triste nahiz pozik daudenean, pozik zein presaka… Gurutzatu egiten dira egunero baina ez dute inoiz elkar agurtzen.

Ilustrazioari buruz zer esan! Zoragarriak, erakargarriak,dotoreak,oso adierazgarriak eta testuaren esanahia azpimarratu eta areagotu egiten dutenak. Eta zer esanik ez aurpegi triste horien adiera, benetako tristura helarazten dute, bizi bizirik baleude. Protagonisten mugimendua zoragarri lortua dago, beti kontrako zentzuan abiadura bizian (poltsak haizeak daramatzala dirudi).Mugimendua gelditu egiten da, nolabait esatearen, letrarik gabeko erretratuetan, istorioaren amaieran gaudela adierazi nahian edo.

PIZTIAK BIZI DIREN LEKUAN


IDAZLEA: Maurice Sendak
IZENBURUA: Piztiak bizi diren lekuan
ILUSTRATZAILEA: Maurice Sendak
ITZULTZAILEA: Koldo Izagirre
ARGITALETXEA, URTEA: Kalandraka, Pontevedra, 2009, 2000 (1963)
ORRIALDE KOPURUA: 40 or.

ADIN TARTEA (HELDU BATEKIN) 3urtetik aurrera

MODU AUTONOMOAN 6urtetik aurrera

IRUZKINA

Fantasiazko narrazioa den aldetik, errealitatearen logikarekin bat egiten ez duten gertaerak suertatzen dira album ilustratu honetan. Errealitatea, fantasia, desira, nahiak eta irrikak bidelagun ditugun honetan, Max mutiko bihurriarenganako enpatia eta identifikazioa sortzen da liburua ireki bezain pronto.

Max asperturik ageri baita, eta abentura bati ekinen dio. Piztiak bizi diren lekurantz abiatuko da, hauei dien beldurra uxatuko du, hauen errege bihurtuko da, “baina aspertu egin zen bakardadean; maitatuko zuten lekuren batean egon nahi zuen”… eta…

Ilustrazioak testua bezain garrantzitsuak dira. Ilustrazioekin egileak istorioari erritmo berezia emango dio; oso dago zaindua ilustrazio bakoitzaren espazioa orrian. Horrela, istorioaren erdigunean orrialde guzia irudiak hartzen du, letraren beharrik gabe. Irakurketa paraleloa eskaintzen digute irudiek eta letrek. Testuak ematen ez duen informazioa irudien bitartez jasoko dugu; Maxen aurpegi bihurria, munstruoek hortzekin adierazten duten ontasuna…

Haurrei zein helduei gomendaturiko irakurketa da, batak zein besteak irakurketa ezberdinak egiteko aukera ematen duen liburua baita. Beldurra, ezintasuna, amorrua, bakardadea, familia… ezinhobe eta umore pittin batekin aurkezten digun liburu paregabea.